Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Donostiako merkatari eta ostalarientzako euskarazko ikastaroak antolatu ditu berriro ere eta izena emateko epea irekita dago.

Urtero lez, sektorean euskararen erabilera bermatzeko eta behar duten profesionalek euskaraz lehen urratsak ematen hasteko euskara ikastaroak antolatu ditu Donostiako Euskara Zerbitzuak.

Astean bi egunez eta ordutegi desberdinetan izango dira ikastaroak, ahalik eta eskuragarrien izan daitezen interesa duten pertsonentzat. 60 orduko iraupena dute, 60 €-ko prezioarekin. Donostiako hainbat euskaltegitan izango dira eskolak, hala nola, AEK, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Urrats eta Urumea euskaltegietan. 

Ikastaro horien azken helburua da jendaurreko zerbitzua euskaraz emateko ulermena nahiz gaitasuna lortzea eta, horrenbestez, bezero euskaldunei arreta hobea eskaintzea.

Horretarako, batetik, hasiera mailako ikastaroak eskainiko dira eta horietan zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio-gaitasuna landuko da. Bestetik, jarraipen mailako ikastaroak ere izango dira aukeran, bezeroekiko harremanetan nahiz, oro har, laneko harremanetan euskara erabili ahal izateko.

Izen-ematea bi modutan egin daiteke: online Euskara Zerbitzuaren webgunearen bitartez (www.donostiaeuskaraz.eus) edo aurrez aurre Euskara Zerbitzuaren bulegoan bertan (Konstituzio plaza, 2).

Informazio gehiago Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren webgunean daukazue.