Ostalaritzako langileek euskarazko jakintza eta erabilerarako segurtasuna izan dezaten, ikastaroez gain hainbat ekimen egin ohi ditu Euskara Zerbitzuak, azkena, euskaraz oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazioa izan da.
‘Erraza da’ du izena eta ostalaritzako egunerokotasunean bezeroekin eta lanean sortzen diren egoeratarako oinarrizko hiztegia garatzeko tresna da. Hiztegia lantzeko bi modu daude: ‘orokorra’ edo ‘ostalaritza’ sektorea zehaztuz (edozein momentutan alda daiteke).
Aukeratutako moduaren arabera, erabiltzaileak hiztegiaren eduki berri bat jasotzen du egunero, irakurri eta entzun dezakeena. Eduki guztiak ikusi ondoren galdetegi bidez barneratuko ditu eduki guztiak, modu erraz eta intuitiboan.
Donostiako Udalak paperean bi hiztegi argitaratu zituen eta webgunea martxan jarri zuen (www.errazada.eus). Orain, Eusko Jaurlaritzak proiektuarekin bat egin eta mugikorretarako aplikazioa sortu dute. Android eta IOS mugikorretan erabilgarria da eta doakoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehiagotara iritsi eta merkataritzaren eremu ezberdinetan zabaltzea da helburua.