e// marka duten pegatina gorriak dituzte sarreran itsatsita egitasmoarekin bat egin duten Donostiako 1.456 establezimenduek
e// ikurraren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela establezimendu edo gune horietan
Donostian, euskararen hirian, e// ikurra duten establezimenduetan 5.916 langile ari dira jendaurrean, eta horietatik 10etik 9k dute euskaraz ulertzeko gaitasuna.
Merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen dituen Euskal Herri mailako marka da Euskaraz barra-barra; establezimenduetako langileen euskara gaitasuna identifikatu eta aitortzen duen marka bateratua. 2022. urtean jarri zuten martxan egitasmoa Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak eta une honetan 150 bat herritan ari dira egitasmoa bultzatzen lekuan lekuko Udalak. Donostiako Udalak hasieratik hartu du parte egitasmoan eta, gaur egun, Euskal Herriko hiri eta herrien aldean, e// markarekin identifikatutako establezimendu gehien biltzen ditu.
Euskaraz barra-barra egitasmoak Donostian izan duen harrera onaren berri emateko prentsaurrekoa eman du Donostiako Udaleko Turismoko, Euskarako eta Kulturako zinegotzi Jon Insausti Maisterrenak, hiriko merkataritzako eta ostalaritzako elkarte eta erakundeetako (Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, San Sebastian Shops eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioa) ordezkariek lagunduta.
Emaitzak auzoka eta sektoreka
Insausti zinegotziak jakinarazi duenez, lehenengoz 2022ko udazkenean aurkeztu zien Udalak Euskaraz barra-barra egitasmoa aurretik Hemen ere euskaraz egitasmoarekin bat eginda zeuden establezimenduei, eta horietatik 1.060 establezimenduk egin zuten bat egitasmoarekin. Ordutik hona beste 396 establezimendu batu dira egitasmora.
Udaleko Euskara Zerbitzuak 2.701 establezimendu bisitatu ditu denbora tarte honetan eta horietatik %54k (1.456 establezimendu) bat egin dute Euskaraz barra-barra egitasmoarekin. Aurtengo udazkenean establezimenduak bisitatzen jarraituko du.
Auzoka, egitasmora atxikitako establezimendu gehien Grosen (233 establezimendu, guztizkoaren %16) eta Amara Berrin (218 establezimendu, %14,9) daude; eta sektoreka, berriz, merkataritza sektorean (% 53).
Datu guztiak ikusgarri hemen.
Euskara zinegotzi Insaustiren arabera, “datu horiek erakusten digute Donostian kontsumitzaileok uste duguna baino establezimendu gehiagotan egin dezakegula euskaraz”. Eta, zentzu horretan, Insaustik herritarrak animatu egin ditu Donostiako saltokietan eta tabernetan euskaraz egitera: “Egitasmoarekin bat egin duten establezimenduetan bezeroak euskarari eutsi ahal izango dio, nahiz eta langileak euskaraz erantzun ez. Ulermena bermatuta dago eta establezimendu horietako bezeroek euskaraz lasai ari daitezkeela adierazten du markak”.
Bestalde, establezimenduek ere izango dute onurarik, bezero euskaldunei zerbitzu hobea eskainiko baitiete. Izan ere, kontuan hartu behar da Donostiako establezimenduetako bezero gehienak gipuzkoarrak direla, donostiarrak barne.
Gainera, erakunde pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila aitortzeko sistemaren barruan sartu du e// ikurra Eusko Jaurlaritzak eta, horri esker, Euskaraz barra-barra egitasmoarekin bat eginda dauden establezimenduek Eusko Jaurlaritzaren MEC dirulaguntza deialdian laguntza handiagoa eskura dezakete.
Egitasmoan parte hartzeko baldintzak
Donostiako establezimendu batek egitasmoan parte hartzeko bi baldintza bete behar ditu: lehena da jendaurreko langileek euskaraz ulertzea. Hala, 2 eta 10 langile arteko establezimenduetan, gutxienez langileen erdiek (%50) ulertu behar dute euskaraz, une oro; eta 11 langiletik gorako establezimenduetan, berriz, gutxienez langileen % 30ek ulertu behar du, une oro. Eta bete beharreko bigarren baldintza da bezeroari lehen hitza euskaraz egitea.
5.000 telazko poltsa bezero euskaldunen artean banatzeko
Egitasmoari ikusgarritasuna emateko asmoz e// ikurra duten telazko 5.000 poltsa banatuko ditu Udalak atxikitako establezimenduen artean, bezero euskaldunei opari edo sari gisa emateko. Ekainaren bigarren hamabostaldian egingo da banaketa aldez aurretik eskaera egin duten establezimenduetan. Eskaera egiteko hiru asteko epea izango dute: maiatzaren 27tik ekainaren 14ra.