Herritarren ohituren aldaketara egokitzea, talentua erakartzeko zailtasuna, energiaren eta lehengaien kostuak edo ingurumen arloko eskakizunak daude konpondu beharreko kezka nagusien artean
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta finantzatutako GastroFood proiektuaren bidez, ostalaritza sektorea bultzatzen lagunduko duten soluzio osasungarriak, jasangarriak eta bereziak garatu nahi dira
Jatetxe tradizionalek eta pintxo-tabernek lehen postuak betetzen dituzte euskal herritarren lehentasunen artean etxetik kanpo bazkaltzera nora joan aukeratzeko orduan. Hala ere, Gipuzkoan oso errotuta dagoen betiko ostalaritzak lehiakortasunerako mehatxu izan daitezkeen hainbat faktoreri egin behar die aurre gaur egun. Kontsumo-ohituretan izandako aldaketei hauek gehitu behar zaizkie: talentua erakartzeko zailtasuna, hiri-espazioetan lizentziak lortzeko eta berritzeko oztopoak, energiaren eta lehengaien kostuen handitzea, ingurumen-arauetara egokitu beharra edo jatetxe-mota eta zerbitzu berrien gorakada, hala nola takeaway eta delivery zerbitzuak (gazteenen artean batez ere). Egoera horren ondorioz, Gipuzkoako ostalaritza-sektoreak soluzio berriak aurkitu behar ditu lehiakortasuna handitzeko.
Horretarako, BASQUE FOOD CLUSTERek, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta BCC Innovationek GastroFood proiektua jarri dute abian. Proiektu horren bidez Gipuzkoako jatetxeak biziberritu nahi dira, zailtasun horiek konpontzen laguntzeko ostalaritza-sektorearen eta elikagaien industriako enpresen arteko lankidetza erraztuz eta proposamen eguneratuak, osasungarriak, jasangarriak eta bereziak garatuz.
Proiektuaren sustapena eta finantzaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago, Etorkizuna Eraikiz – Misioak ekimenaren bitartez.
GASTROFOOD PROIEKTUA
GastroFood, HORECA kanalean (hotelak, jatetxeak eta kafetegiak) antzemandako eta pandemiaren ondorioz larriagotutako behar horietatik sortu zen.
Belaunaldien arteko erreleborako zailtasuna, take away eta delivery zerbitzuen agerpena, energiaren eta lehengaien prezioen igoera, edo Elikagaien Galeren eta Hondakinen Prebentzioari buruzko Legea edo Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Errege Dekretua bezalako araudietara egokitzeko beharra, besteak beste, negozio txiki askoren errentagarritasuna oztopatzen ari diren faktoreak dira, eta mehatxuak dira mundu osoan aintzatetsitako nortasuna duen sektorearentzat. Horrela, bilatzen da elikagaien industria ostalaritzari sukaldaritzako soluzio berriak eta platerak egitea, amaitzea eta aurkeztea errazteko metodoak, bezeroaren esperientzia hobetzeko zerbitzuak… emateko gai izatea.
Proiektuaren lehen fasea Gipuzkoako ostalaritza sektorearen diagnostiko zehatza lortzean oinarritu zen, eta horri esker, hainbat gai ezagutu ahal izan dira, hala nola dauden establezimendu motak, gastuaren batez besteko tiketa edo eguneko okupazio handieneko eremuak eta uneak. Azterlanaren ondorioen artean, Gipuzkoa ostalaritza-establezimendu mota gehienetan Euskadik orokorrean baino okupazio-errendimendu handiagoa duelako nabarmentzen da, kopa-tabernen salbuespen bakarrarekin.
Horrela, astegunetan zein asteburuetan, Gipuzkoako establezimenduetan EAEko batez bestekoa baino okupazio handiagoa erregistratu ohi da egunean zehar, eta gaua da kontsumoa azpitik dagoen une bakarra. Prezio-tartearen arabera, 50 eurotik gorako batez besteko gastua duten negozioak dira okupatuenak, bai Gipuzkoan, bai Euskadi osoan. Eta, produktuari dagokionez, pintxoak jarraitzen du tabernen eta jatetxeen errege izaten.