SEA Ostalaritza, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea eta Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkarteak antolatu dute lehiaketa hau, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesarekin.

2022an ospatu zen lehen ediziotik, lehiaketa honen helburua sektoreko establezimenduen kalitatea eta profesionaltasuna sustatzea eta saritzea izan da, areto-zerbitzuaren bidez ordezkatuta, eta, aldi berean, horren garrantzia ikusaraztea eta balioan jartzea.

TXAPELKETAREN FASEAK

Txapelketa hiru fasetan garatu da:

  1. Lehen fasea: Zerbitzuari buruzko ezagutza neurtzeko online test teoriko bat egitean zetzan.
  2. Bigarren fasea: Epaimahaia establezimenduetara joan zen “mystery shopper” formatuan, areto-zerbitzua bertatik bertara aztertzeko eta baloratzeko.
  3. Azken fasea: Probak baloratu ondoren, finala ospatu da, epaimahaiaren aurrean bost proba eginez.

Gamarra Ostalaritza Eskolan egin den finalean, euskal lurralde historiko bakoitzeko ordezkari ziren 9 finalista bildu dira. Parte-hartzaileek areto-zerbitzuko trebetasun eta ezagutza bikainak erakutsi dituzte bost proba praktikoen bidez:

  1. Mahai-muntaketa: Parte-hartzaileek akatsak aurkitu behar zituzten menu adostu baten mahaia muntatzean.
  2. Kafe baten prestaketa eta dastaketa.
  3. Prestaturiko koktela: Clover izeneko koktela prestatzea izan da erronka.
  4. Arraina aurkeztea, hezurgabetzea eta zatitzea: Legatz bat zatitu eta hezurgabetu behar izan dute, eta platereratu.
  5. Txuleta aurkeztea, zatitzea eta zerbitzatzea.

EPAIA ETA SARIAK BANATZEA

Proba guztiak amaitu ondoren, epaimahaiak parte-hartzaileen maila positiboki baloratu du; eta eztabaida luze baten ondoren, Euskadiko Areto Txapelketaren 3. edizioko txapeldun izendatu du Haizea Jingsi, Gasteizko 144. jatetxeko areto-burua, San Prudentzio kalean kokatua. Jingsik 2.000 euroko saria jaso du.
Horrez gain, accésit saria eman zaio Bilboko La Olla de la Plaza Nueva jatetxeari, Nagore Lloret eta Luis José Guerrerok ordezkatuta, eta 1.000 euroko saria jaso dute.

Sariak Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendari Clara Navas-ek banatu ditu, eta eskerrak eman dizkie ostalaritza elkarteei horrelako jarduerak eta ekitaldiak sustatzeagatik.

Gainera, parte hartu duten establezimendu guztien artean zozketa egin da, eta sari gisa Michelin izar bat duen Marqués de Riscal jatetxean bi lagunentzako afaria/otordua banatu da. Sari hori Ardi Beltza jatetxeko Galder Madariagak irabazi du.

Orokorrean, txapelketa eta bereziki finala areto-buruen profesionaltasunagatik eta parte-hartzaileek eskainitako areto-zerbitzuaren kalitate bikainagatik nabarmendu dira. Horrela, ostalaritzako profesionalek egunero egiten duten lana balioan jartzeko helburua bete da.

Txapelketak Arabako Harategi Hautatuen Elkartea (ASELCAR) eta Foronda Kafeen laguntza izan du.